elkarrizketa

Hoka Hey! – 11 Botxo Eguna Piztu Bilbo, Itzali MTV (2018-10-07)

Posted on

Gentrifikazioa eta Turistifikazioa aipatzen ditugunean, hiri eredu merkantilista eta baztertzaile baten inposaketaz ari gara. Honekin oso lotuta, makroebentoen izurrite bat bizi dugu, gainera. Auzotarron bizkarrera egindako ekintza eta ekitaldiak, langileok prekarietatera behartzen gaituelarik, eta bien bitartean etekin ekonomikoen akumulazio lotsagarri bat eraginez ebento hauen antolatzaile eta ugazabei.

Hau guztia ikusarazteko, hausnarketa bultzatzeko, erantzuna koordinatzeko eta azken finean beste eredu sozialago baten alde egiteko, Bilbon kolektibo berri bat jaio da: Piztu Bilbo Itzali MTV

Kolektibo honen nondik norakoak ezagutu ditugu, eta datorren astean ospatuko dan 11 botxo eguna ere zertan datzan kontatu digute elkarrizketetan. Herritarrek beraiek sortutako ekitaldi atsegin eta jatorra antolatu dabe datorren asterako Ripa Kaian, datorren zapatuan urriak 13, goizeko 12etatik eta egun osoan zehar, 11 Botxo Eguna!

Hauxe da Hoka Hey irratsaio berri honek, lehen atal honetan dakarrena. Aurrera!

Deskargatzeko egin klik hemen.

Advertisements

2018-03-18 Barazki Bizidunak Siriaren Alde Euskal Herriko Plataforma

Posted on

Azken Barazki Bizidunak saioan Siriaren Alde Euskal Herriko Plataforma kolektiboarekin hitzegiteko aukera izan genuen, herrialde honetan gertatzen ari den gerra egoera ezagutzera emateko eta kolektibo honen ekintzak zabaltzeko.

Hainbat gai jorratu genituen saioan zehar, alde batetik, kolektiboaren nondik norakoak. Nor diren, plataforma honen helburuak, garatu izan dituzten ekintzak eta proposatzen dituzten deialdiak… Beste alde batetik Siriako gerra egoeran sakondu eta kontestua osatu dugu, herrialdea ezagutu, gerra honetan parte hartzen duten eragileak eta ze interes gurutzatzen diren azalduz, gerraren bilakaera, egungo egoera, azken erasoak… Honez gain, okzidenten ditugun hedabideen paperaz ere aritu gara. Siria eta Kurdistanen bizi den gerra honen korapilo batzuk askatzen saiatu gara gaurko irratsaioan, eta lan horretan diarduen kolektibo bat ezagutu.

Siriaren Alde plataformaren inguruan gehiago jakin nahi ezkero,  weborria edo sare sozialak [1] eta [2] bisitatu ditzakezue, eta harremanetan jarri nahi bazarete, emailera idatzi ahal diezue: siriarenalde@gmail.com

Deskargatzeko egin klik hemen.

2018-02-25 Barazki Bizidunak: M8 Greba Feminista

Posted on Updated on

Azken Barazki Bizidunak irratsaioan, datorren Martxoak 8rako deitua dagoen Emakumeen Grebari buruz hitzegiteko tartea hartu genuen, eta honetarako, Leire Groven Feministaldeko kidea izan genuen telefonoaren bestaldean.

Grebaren zergatiak, arrazoiak eta helburuak, azaldu zituen Leirek, eta baita borroka jardunaldi garrantzitsu horren aurretik emandako prestaketa pausuak. Datorren martxoak 8koa, greba internazionala izango da, eta antolaketan maila lokala, nazionala, internazionala ematen dira, kolektibo desberdin asko eta asko burubelarri lanean dabiltzala. Deialdi eta mobilizazioen errepasoa egin genuen ere Martxoak 8 honen magnitudea hobeto neurtzeko.

Martxoak 8ko Grebaren nondik norakoak azaleratzeko, weborria martxan jarri eta sare sozialetan ireki dituzte kontu batzuk (link 1) eta (link 2). Harremanetan jartzeko, weborriko formularioa edota helbide elektronikoa (m8grebafeminista@gmail.com) aurkituko dituzue. Badakizue beraz, hurrengo martxoaren 8an Euskal Herriko emakumeok* ere planto!

Deskargatzeko egin klik hemen.

2018-02-11 Barazki Bizidunak: Andeka Jurado, Armiarma Operazioa, Disidentzia Erakustaliden Kontrako Kanpaña Errepresiboa

Posted on Updated on

Gaurko saio honetan Andeka Jurado izango dugu gurekin, Armiarma Operazioan atxilotutako kideetako bat, bere esperientzia kontatzeko eta Plataforma Por la Absolución de los encausados en la Operación Araña plataformaren izenean (link1 eta link2).

Estatu Españolan pairatzen ari garen errepresioaren gorakada salatuko dugu, Delito de Odio eta Mozal Legea bezalakoen bitartez, beti ere militantzia politikoak eta disidentziak zigortzen dituzte-eta. Andekaz gain beste hainbat kidek ere pairatzen dutela errepresioa gogoratuko dugu eta egunotan burutuko diren protesta mobilizazioen errepaso laburra ere egingo dugu irratsaioan.

Etzazue galdu beraz gaurko saioa.

 

Deskargatzeko egin klik hemen.

2017-10-08 Barazki Bizidunak:- Bizkaiko zahar-etxeetako langileen gatazka

Posted on

Bueltan gara! Ikasturte berriari ekin diogu Barazki Bizidunak saioko ekipo osoak eta hemen dago aurtengo lehen programa hau.

Bizkaiko zahar etxeen gatazka jorratu dugu, borroka honetako hainbat protagonisten eskutik. Solasaldia egin dugu greban eta mobilizazioetan parte hartzen ari diren langileekin, prozesu honen nondik norakoa aztertuz.

Noiz eta nola piztu zen gatazka kontatu digute. Zerk eragin zuen, zein zen egoera eta zeintzuk diren aldarrikatzen dituzten demandak. Sektoreko patronaleko hiru enpresen (GESCA, LARES eta ENBE) jarrera kontatu digute. Zelan dagoen egoera gaur egun, ze esperantza dituzten, mobilizatzen segitzeko asmoa dutela esan digute.

Gatazka honek hainbat konflikto biltzen ditu bere barnean. Langile eta patronalaren arteko lan-baldintza duinen eskaera. Zaintza lanak emakumeen gain ezartzen dituen sistema. Bizkaiko foru aldundia eta zerbitzu publikoen pribatizazio prozesua. Zerbitzuen deshumanizazioa, kalitatearen galera.

 

Deskargatzeko egin klik hemen.

2017-06-04 Barazki Bizidunak: Galdakaoko Gazte Asanblada “Erreferente izan nahi dugu herrian”

Posted on

Barazki Bizidunak saio honetan Ibairekin hitzegiteko aukera izan dugu, Galdakaoko Gazte Asanbladako kidearekin. Ortuondo Gaztetxea eraitsi duten aste honetan, atzera begiratu ordez, kolektibo honen jaiotzaz aritu gara eta etorkizunari begira jarri gara.

Galdakaoko Gazte Asanbladen eta okupazioen errepasotxo historiko bat egin dugu. Asanblada honen jaiotzaz eta antolatu izan dituzten ekintzetaz aritu gara eta aurten jaietan txosna jarriko dutela esan digute ere. Gazteen egoera prekarizatua eta emantzipatzeko zailtasunak aipatu ditugu, eta gure udaletxearen plan urbanistiko edo kulturalek ez dietela herriko gazteriari inolako mesederik egiten.

Etorkizun ederra antzematen da Galdakaon, ez da geldirik egongo behintzat!

Deskargatzeko egin klik hemen.

2017-04-09 Barazki Bizidunak – Bordillo Aplastao: lucha contra el capacitismo en la arquitetura urbanista represiva

Posted on Updated on

Igandean Bordillo Aplastao izan genuen gure irratsaioan, muga eta barrera arkitektonikoei buruz hizketan, mugikortasun mugatuari buruz, hirigintza eta urbanismo errepresibo ereduei buruz, eta honen guztiaren aurrean sortu den erantzun espontaneo honi buruz.

Berebiziko garrantzia dauka kanpaina honek, izan ere, kolektibo sozialetan aritzen garen pertsona askoi askotan kostatu egiten zaigu hain oinarrizkoa dan aldarri honekin bat egitea, ziurrenik urrun sentitu izan dogulako problematika hori. Baina Bordillo Aplastaok, bere estetika eta salaketa metodoekaz, hurbilago sentiarazi gaitue. Urbanismo eta arkiterkura errepresiboa da. Kapazitismoan oinarritzen dan hirigintza honek dauka arazoa, eta ez guk.

Hausnarketa bultzatzen duen elkarrizketa izen genuen saioan, modu atsegin eta sinpatikoan gainera. Ea gustoko duzuen!

Deskargatzeko egin klik hemen.

2017-03-12 Barazki Bizidunak – Zirika! Herri Gunea

Posted on Updated on

Zirika Herri Gunea izan genuen aztergai pasa den igandeko Barazki Bizidunak saioan. Bilboko Erronda kaleko 12. zenbakian aurkitu dezakegun lokal autogestionatu eta erbailera anitzekoa.

Espazio hau erabili nahi duten kolektibo eta proiektuei irekia da eta dozenaka ekintza garatzen dira bertan urtean zehar. Hitzaldiak, liburu aurkezpenak, proiekzioak, erakusketak, batzarrak, asanbleak, herri denda… eta liburutegi bat ere kudeatzen dute proiektu honetako kideek. Hainbat beharrizan identifikatu dituzte, bai baliabide aldetik zein lokala bera hobetzeko, eta horregatik, crowdfunding kanpaina hasi dute Goteo.cc/zirika webgunearen bitartez.

Guzti honetaz aritu ginen Zirikako Igor kidearekin batera egindako solasaldian, eta orain, hemen ere entzungai duzue, igandean galdu bazenuten.

Deskargatzeko egin klik hemen.

2017-02-12 Barazki Bizidunak – GALTZAGORRI, San Francisco, Bilbao La Vieja eta Zabala auzoetako Kolektibo Feminista

Posted on Updated on

Bilboko kolektibo batekin hitzegin dugu azken saioan, GALTZAGORRI, San Francisco, Bilbao La Vieja eta Zabala auzoetako Kolektibo Feminista.

Auzoetaz hitzegin digute, dibertsitate handiko guneak direla eta beharrizan batzuk identifikatzen dituztela. Haien kolektiboaz hitzegin dugu ere, azken urteotako hainbat momentu errepasatuz. Emakumeen Etxe bat eskuratzeko proiektua aurkeztu digute ere, kolektibo honek biziki aldarrikatzen duena.

Eta hau dena, tertulia atseginean, barre artean. Etzazue galdu saioa!

Deskargatzeko egin klik hemen.

2017-02-05 Barazki Bizidunak – TARAJAL Migrazioak eta mugak, Estatuen biolentzia eta inpunitatea

Posted on

2014ko otsailaren 6ko goizean, Ceutako Tarajal hondartzan, hainbat afrikarrek muga zeharkatzeko saiakera egin zuten, Marruekosetik Estatu españolean sartzeko asmoz. Mediterraneo kostaldeak, bi herrialde hauen arteko muga topatzen du Tarajal hondartzako espigoian; eta espigoia pasatzeko, itsasoan murgildu eta igeri eginez egin zuten saiakera.

Baina espigoiaren muturrean, Guardia Zibil ekipo batek, ekintza espontaneo hau modu biolentoan saiestu zuen. Gomazko balak eta gas lakrimogenoa bota zieten uretan zeuden emakume eta gizonei. Ostiaka jaso zituzten lehorrera heltzen zirenak. Gutxinez 15 pertsona hil zituzten ekintza honen ondorioz, baina inor ez da guzti honen arduradun gisa seinalatua izan, alderantziz, Guardia Zibilen kontrako kausa artxibatua izan zen eta ez zen arduradun politikoen dimisiorik gertatu.

3 urte pasa dira, eta oraindik ere zauriak zabalik daude. Aste honetan zehar hainbat ekintza antolatu dituzte Ongi Etorri Errefuxiatuak edo Sos Arrazakeria kolektiboek, besteak beste. Barazki Bizidunak saioan, Gipuzkoako Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kide batekin hitzegin dugu, Tarajal kasua izan zenaz eta antolatutako ekintzen gainean. Bide batez, Bilbon antolatutako Elkarretaratze eta Manifestazioan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu: Otsailak 6 astelehenean, 19:00etan izango da kontzentrazioa, eta jarraian hasiko da manifestazioa Moyuararte.

Deskargatzeko egin klik hemen.